Bloga

Zoriontsu izateko momentu hoberena orain duzuna da

Zinez pentsatzen dut zoriontsu izateko ez dagoela oraina baina garai hobeagorik. Batetik, oraina da dugun bakarra, iragana pasa da eta etorkizuna oraindik ez da iritsi. Bestetik, askotan zoriontsu izateko egoera eta baldintzak ezin hobeak izan behar dutenaren uste okerra dugu, baina baldintza horiek gutxitan ematen dira eta gainera ez dira ezinbestekoak zoriontsu izateko.

Gaur egun, badirudi gizartean onartua dagoela guztiek (modu handiago edo txikiago batean) pairatzen ari garen krisi ekonomikoa dela zoriontsu izaten uzten ez gaituena. Baina horrelako krisi orokor baten beharrik gabe, zenbatetan pentsatu duzu, ikasketak bukatzean zoriontsu izango naiz, eta helburu hori lortzean, bikotea dudanean izango naiz zoriontsu, beranduago, pisua dugunean eta elkarbizitza hasten dugunean, ondoren, seme-alabak dauzkagunean, gero, seme-alaba horiek independenteak direnean, jubilatzen naizenean… Badirudi eskuraezina den zerbaiten atzetik egiten dugun lasterketa batean murgilduak gaudela, egunerokotasunean izaten ditugun lorpen eta arrakastak gozatu gabe, bidea disfrutatu gabe.

Zentzu horretan badira zoriontsu izateko egin ditzakegun zenbait gauza:

Lehenik eta behin, gure eguneroko zereginetan asebetetzen gaituzten momentuak bilatzen saia gaitezke. Egun txarra izan badugu ere, gatazkak izan baditugu ere (lanean, seme-alabekin, lagunen batekin, dena delakoarekin), egoera txarrean bagaude ere (langabezian, gaixo…), gaurko egunetik zer merezi izan duen pentsa dezakegu. Erantzunak anitzak eta zabalak izan daitezke, besteak beste, konpainia onean hartutako gosaria, entzunda sentitu naizen solasaldi atsegin bat edo eta kanpoan pasio bat ematen baimendu didan eguraldi zoragarria. Gauza hauetan ez dugu maiz pentsatzen, hor daude eta suposatutzat ematen ditugu. Nire esperientzian aldiz, pertsonok norabide honetan lan pertsonal bat egiten dugunean egunero, gure bizitzaren inguruan pentsatzeko modua aldatu egiten da. Benetakoak diren gauza atseginak pentsatzeak ondo sentiarazten gaitu eta ondo sentitze horrek inguratzen gaituena beste modu batean hautematera eramaten gaitu, azkenik ez duen istorio positibo batean murgilduz.

Bigarrenik, krisiak (ekonomikoak, pertsonalak, senar-emazte artekoak, lanekoak), aukerak gisa ulertzen saia gaitezke. Krisia aldaketa garai bat bezala ulertzen badugu, aldaketa prozesu oro bezala egokitzapen epe bat behar duela onartzen ariko gara. Egokitzapen epeak noski sufrimendua dakar, jokaera, ohitura eta jarrera zaharrak baztertu beharra baitakar. Gakoa, balio ez diguten jokaera, ohitura eta jarrerak baztertzean datza, horien ordez onuragarriagoak suertatuko zaizkigun eta gure bizitza helburuetara gerturatuko gaituzten berriak eskuratuz.

Hirugarrenik eta gaurkoz azkenik, norbanako bakoitza bere balioak ezagutu eta egunero ondratzeaz ardura daiteke. Balioak aipatzen ditudanean, bakoitzarentzat benetan garrantzitsuak diren gauzaz ari naiz.

Iruzkina egin

kaptxa

Bai, ezagutzen dut datu erabilpen politika.

Izuli