Nire aurkezpenean ikusiko zenuten bezala, doktorego tesia elikadura jokabidearen nahasteen inguruan egin nuen. Hori dela eta, idatzi hau erabili nahiko nuke nahaste horiek zer diren azaldu eta gaiaren inguruan psikologiako zenbait aldizkaritan argitaratutako zenbait artikulu zuekin partekatzeko.
Elikadura Jokabidearen nahasteak buru gaixotasun larriak dira. Beren ezaugarri nagusienak, gaixoek duten elikadura ereduen alterazioa eta beren gorpuzkerari eta pisuari buruzko pertzepzio okerrak dira. Gaur egungo psikiatriako sailkapenetan berariazko bi nahaste (nerbio anorexia eta nerbio bulimia) eta beste hainbat nahaste inespezifiko bereizten dira.
Nerbio anorexiaren ezaugarri nagusienak honela laburbil daitezke: norbere pisua minimo normal batean mantentzeari ukoa, pisua irabazi eta lodi bihurtzeko beldur handia, gorputzaren forma edo tamainaren pertzepzioaren alterazio handia eta emakumeetan amenorrea (hilerokoaren falta). Pisua galtzeko pertsonak erabiltzen duen moduaren arabera bi nerbio anorexia mota bereizten dira: Mota murriztailea (dietak, baraualdiak eta gorputz ariketa intentsuak erabiltzen dituzte) eta mota purgagarria (erregularki tripakadak eta purgak erabiltzen dituzte).
Nerbio bulimiaren ezaugarri nagusienak aldiz, horrela laburbil daitezke: tripakadak kontrol falta sentsazioarekin (tripakada bat, denbora epe laburrean egoera berdinean legokeen beste edonork jango lukeena baina askoz janari gehiago jatea bezala ulertu behar da), pisua irabaztea galarazteko metodo konpentsatzaile ezegokien erabilera eta norbere buruari buruzko auto-ebaluaketan pisuak eta siluetak gehiegizko garrantzia. Kasu honetan ere, tripakaden ondoren pisua irabaztea ekiditeko gaixoak darabilen moduaren arabera nerbio bulimiaren bi mota bereiz ditzakegu: modu purgagarria (gaixoak oka egitea probokatzen du eta laxante, diuretiko eta enemen erabilpen ezegokia egiten du) eta modu ez purgagarria (gaixoak baraualdiak edo eta gehiegizko kirola erabiltzen ditu pisu irabazia ekiditeko).
Zehaztu gabeko elikadura jokabidearen nahastean aldiz elikadura jokabidearen nahaste bat izan arren nerbio anorexia edo nerbio bulimiaren diagnostikoa egiteko irizpide guztiak betetzen ez dituzten pertsonak barneratzen dira. Hauen artean aurkitzen da adibidez tripakadagatiko nahastea (bulimiaren antzekoa da baina pertsonak ez ditu erabiltzen pisu irabazia galarazteko konpentsazio metodorik).
Elikadura jokabidearen nahasteak zeintzuk diren eta nola azalerazten diren ezagutu ondoren esan beharra dago sintoma klinikoak lau mailatan azalerazten direla:
Elikadura jokabidearen nahasteen sorreran faktore askok eragiten dutela ikusi da. Aldez aurretiko faktoreak, nerabezaroan, autonomia eta independentzia garatzea eragotzi edo zailtzen duten faktoreak dira eta gizabanakoaren mailakoak (adina, sexua, aldez aurretiko obesitatea, gogo aldartearen nahaste bat edukitzea, zenbait nortasun ezaugarri), familia mailakoak (gogo aldartearen nahasteak, alkohol/droga abusoagatiko nahastea edo elikadura joakabidearen nahastea bat dauzkaten familiarrak edukitzea, e.a.) eta maila soziokulturalekoak (estetikari garrantzia ematen dioten balioak edukitzea, bizitza erritmo azkarra, argaltasunari garrantzia ematen dion publizitatea,e.a.) izan daitezke. Sorrera azkartzen duten faktoreak aldaketa suposatzen duen momentu ebolutibo batean, gizabanakoa ingurunera ezin moldatzera edo egokitzera eramaten duten faktoreak dira. Hauetan, pertsonak bizi dituen eta estresa sortzen duten gertaerak barneratu ditzakegu (adibidez pubertaroan ematen den gorputz transformazio azkarra, nerabezaroan rol berriak barneratzeko beharra, lagunen arteko areriotasuna, gurasoen banaketak, desiratuak ez diren kontaktu sexual goiztiarrak). Mantentze faktoreak, behin arazoa sortuta, aldaketa eragozten duten faktoreak dira nahastea mantenduz. Hauek norbanakoaren mailakoak (arazoa ez onartzea, aldatzeko motibazio eza, ez jatearen ondorio berak, e.a.), talde sozial mailakoak (isolamendua, janarian bakarrik oinarritzen den familia interakzioa, e.a.) ala tratamendu sistemarekin zerikusia dutenak (arazoa ez mediko bezala kontsideratzea, behin eta berriz tratamendua edo profesionalak aldatzea, teknika ez egokiak erabiltzea, e.a.) izan daitezke.
Nahiz eta nahaste hauek askotan modu nahiko hotzean, arin edo azalekoan (friboloan) aztertu izan diren aurreko agerpenetik abiatuta ondorioztatu daiteke benetan nahaste larriak direla. Askotan kontsideratu da gaixoak nerabe kapritxosoak direla, publizitatearean eraginez, bere buruari politak izatearen helburu soila inposatu dieten nerabeak. Errealitatea aldiz oso bestelakoa da, gaixotasun larriak dira, garapenean dauden emakumeei eragiten dietena, beren bizitza asko mugatzen dietena, batzuetan bizitza bera arriskuan jartzeraino.
Aurrekoa kontutan hartuta, nahaste hauek ulertzeko modurik onena zera pentsatzea da: pazienteak sufrimendu mental handia dute eta sufrimendu hori janariarekin duten erlazioaren bitartez azaleratzen da. Guztiek komunean dutena janariarekin duten obsesioa da (jateko edo ez jateko bizi dira) eta ezaugarri komun hau, hau da, beren sintoma, beste modu batetara espresatu eta bizi ezin duten barne gaizkiegonaren espresioa eta kudeatzeko moduan bihurtzen da. Paziente guztiek auto-estimu baxua dute (beren burua baloratzeko gaitasun eza eta arazoei aurre egiteko duten gaitasunean sinesmen eskasa) eta honek ez die uzten bizitzak dakartzan aldaketa egoera edo estres egoeretara modu egoki batean moldatzea. Aldaketa momentu horietan, sufrimendua suposatzen duten momentu horietan, parentesi emozional baten antzeko zerbait egiten dute, benetako gaizkiegona ezkutatu edo estali eta gorputzak sortzen dien gaizkiegonera desbideratzen dute, jateari utziz edo eta tripakadekin eta pisua irabazia konpentsatu nahiarekin hasiz.
Ondoriozta daitekeenez elikaduraren jokabidearen nahasteak, modu global batean ulertu behar diren fenomeno konplexuak dira, horretarako pertsonaren dimentsio biologikoa, psikologikoa eta sozio/familiarra kontutan hartuz. Horregatik beren tratamendua ez du janariaren inguruan agertzen dituzten pauta desadaptatiboak aztertu eta tratatzera mugatu behar. Pertsonak duen ezkutuko sufrimendua ere aztertu eta tratatu beharra dago. Horretarako tratamendua, pausoz pauso egin behar da, orokortasunetik hasita gauza espezifikoetara joanda eta maila fisiko zein psikikoan larrien diren gauzetatik (desnutrizioa, pertsonaren bizitza arriskuan jartzen dituzten eraldaketa organikoak, bere buruaz beste egiteko saiakerak) hasita larritasun gutxien dituztenera. Horregatik tratamenduak normalean denboran luzatzen dira eta profesional desberdinak (arreta lehen mailako medikua, psikiatra, psikologoa, erizaina, langile soziala, terapeuta okupazionala) koordinatzen dituen lan talde baten eskuetan egon behar dute.
Eta zer egin daiteke elikadura jokabidearen nahaste bat duen norbait ezagutuz gero? Lortu behar den lehengo gauza pertsona medikura joan eta tratamenduan hastea da. Horretarako, errazagoa da pertsonari bere sufrimenduagatik (ondoeza, tristura, suminkortasuna, kontzentrazio arazoak, ateratzeko gogo gutxi, e.a.) duzun kezka adieraztea, gorputz itxuraren eta elikaduraren inguruko desadostasunetatik (gaixo dagoen pertsona beti lodi ikusiko du bere burua eta egoki jaten duela irudituko zaio, zuri aldiz, argalegi dagoela eta modu ezegoki batean elikatzen dela) abiatzea baino. Behin tratamenduan dagoenean bi gauza dira garrantzitsuak: profesionalek ematen dituzten jarraibideak jarraitzea eta gaixo dagoen pertsonarekin, gaixotasuna ardatz ez duen erlazio bat mantentzea. Hori lortzearren bere arrakastak errekonozi ditzakezu (gehienetan beraiek ezin dute egin), denbora, ekintzak, interes komunak e.a. konpartitu ditzakezu eta pertsona osasunera bideratu dezakezu.
Publikaturiko artikuluak:
MARAÑON, I., ECHEBURÚA, E. y GRIJALVO, J. (2004). Prevalence of personality disorders in patients with eating disorders: a pilot study using the IPDE. European Eating Disorders Review, 12, 217-222.
GRIJALVO, J., INSÚA, P., MARAÑON, I., IRUÍN, A. (2004). Guía para atención primaria: tratamiento y manejo de los trastornos de la conducta alimentaria. Donostia. Osakidetza/Servicio Vasco de Salud.