Coaching-etik jende ugariri laguntzen diot beren bizitzako aspektu ezberdinetan hartu nahi duten ikuspegia kontzienteki hartu eta bide horri ekiten. Gabonak adibidetzat hartuta, lana honela burutzen da.
Gabonen inguruan, pertsonok iritzi eta emozio desberdinak bizi ditugu eta hauek kalean garai honen inguruan dauden iritzietan islatzen dira. Badira Gabonak maite ditugun pertsonak eta baita hauek gorroto dituztenak ere. Ez naiz hasiko muturrekoak diren iritzi horien zergatiak aztertzen, azterketa horrek iraganera baikaramatza eta iragana ezin alda daitekeen garaia da. Psikologo eta coach moduan lan eginez, urte hauetan ikasi dudana zera da: Gabonak guretzat izatea nahi duguna, aukera kontu bat dela. Aukera gisa ikusteak gainera ikuspegi aberasgarriago batean kokatzen gaitu: nahi dugunean ikuspegia aldatzea erabaki dezakegu (edo garai batean hartutakoa mantentzen jarraitu). Egia esan hori da etengabe egiten duguna, gure patua erabakitze momentu horietan eratzen dela konturatu ere egin gabe.
Gabonen inguruan (edo bizitzako beste edozein aspektu garrantzitsuren inguruan) hartzen dugun hautua, aukera kontua dela jakinik, zer egin dezakegu haietaz gehiago gozatzera eramango gaituen jarrera hartzeko?
Lehenik eta behin, Gabonen inguruan dugun perspektiba edo ikuspegia zein den jakin behar dugu: nolakoak dira Gabonak zuretzako? Nola bizi dituzu?. Ikuspegi aldaketa egin aurretik garrantzitsua da galdera horien inguruan gogoeta egitea. Erreza izango da, urtez urte antzekoa baita zuretzat.
Gaur egunean Gabonen inguruan dugun perspektiba argi dugunean, errealitate berdina beste zein ikuspegietatik begiratu dezakegun aztertu behar dugu eta ikuspuntu berri horietako bakoitzak duen esanahia hausnartu. Adibidez, zer gertatuko litzateke Gabonak haur bat bazina bezala ikusiko bazenitu? Imajina ezazu gaur egungo haurra zarela eta Gabonetan gaudela, nola sentitzen zara?, zer da gustuko duzuna?, zerrekin gozatzen duzu?, ze gauza egiten dituzu?, zer da gustuko ez duzuna?, zer da zure gaur egungo ikuspegitik desberdina?; eta Olentzeroren ikuspegian jarriko bazina? (imajina ezazu zure burua ikazkinez jantzia eta menditik txiki eta handientzako milaka opari dituzula jaisten) zeintzuk lirateke kasu honetan aurretik egin ditudan galderei emango zenizkien erantzunak?; eta Gabonak oso gustuko dituen pertsona bat bazina?; edo gorroto dituen pertsona bat bazina?; zein beste ikuspegi atsegin zaizu aztertzea?
Lau, bost, sei edo ikuspegi gehiago aztertu ditugunean, gurea egin nahi duguna aukeratzen dugu. Aukeratu ondoren ikuspuntu horretatik zer egingo genukeen eta zer ez genukeen egingo idazten dugu. Ikuspegi berri horretatik zein gauzari esaten diegun BAI eta zein gauzari esaten diegun EZ ezagutzeko zerrenda bat egitea da helburua. Nik adibidez, gabon hauetarako haurraren ikuspegia hartzea erabakiko dut; ikuspegi horretatik nire zerrenda honakoa izango dela bururatzen zait: abenduak 24rarte txintxoa izango naiz, 24an baserritarrez jantzi eta Olentzerorekin kantatzera aterako naiz, zapatak garbitu eta egongelan utziko ditut opariak ekarri diezazkidan, turroia utziko diot Olentzerori nire etxera datorrenean zerbait jan ahal izan dezan, goiz esnatuko naiz eta opariak ikustera joango naiz… Heldu naizen heinean, garbi dago ez dudala guzti hori egingo baina zerrendak balio dit jakiteko gabon hauetan ilusioari, familiarekin elkarbanatzeari eta festa egunez gozatzeari BAI esango diedala eta EZ gogaitasunari, tristeziari, lortu ezin ditudan gauzengatik nahigabetzeari eta falta direnekin bakarrik gogoratzeari.
Behin gure BAIak eta EZk ezagututa eta horietatik abiatuta, hori lortzeko egingo ditugun ekintzak erabaki ditzakegu (ni, Izaskun Marañon, adibidez, maitasunez prestatuko dut abenduak 24ko afaria eta maite ditudan pertsonak gonbidatuko ditut nirekin gozatu dezaten). Zure bizitzako Gabonak pasatzearren, ekintza hauek martxan jartzea bakarrik falta da.
Animatzen al zara zure Gabonei (edo berarekiko egungo ikuspegiak asetzen ez zaituen edozein gairi) denboratxo bat eskaintzea?
ZORIONAK ETA EGUBERRI ON